Berandu baino lehen

BERANDU BAINO LEHEN

Erretratuak XXI. mendeari

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Joseba Azkarraga Etxagibel

© Aitzin solasarena: Jon Sarasua

© Azala eta diseinua: 2009, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-062-1

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-156-7

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-155-0

Legezko Gordailua: S.S. 707/09

JOSEBA AZKARRAGA ETXAGIBEL

BERANDU BAINO LEHEN

Erretratuak XXI. mendeari

Jon Sararuaren
aitzin solasarekin

S A I A K E R A

A L B E R D A N I A

Iñakiri

Esker onak

Alberdania etxeari eta Inazio Mujikari, emandako aholku adimentsuengatik. Eta, bereziki, Joxerra Gartziari, lehenbiziko zirriborroa irakurri eta testuaren inguruan hasieratik azaldu zuen konbikzio eta ilusioagatik; baita emandako bultzada eta aholku eskergagatik ere. Azkenik, Jon Sarasuari, aitzin solaseko hitzak oparitzeagatik.

Aitzin solasa

Jon Sarasua



Ez da leku txarra hegazkina ideia batzuk papereratzeko. Erritmo azkarreko bizi-aroetan airea toki liberatua da, pentsatzeko, irakurtzeko eta idazteko tarte libre apurretakoa. Gainera badu zerbait zubitik, iraganbidetik. Gorputza igotzen duen moduan pentsamendua goratuko balu, gaizki, lehen ere nahikoa gora ibiltzen baitira ideiak errealitatetik. Ikuspegi fisikoa zabaltzen du behintzat hegaldiak, eta ondo legoke analogiaz ideien begiratua irekitzea, Josebaren idazki sortak ere ideia-geografia zabal xamarrekoak baitira.

Utzi berri dugun eremu berde horretan, gertu daukat Joseba lantokian. Adar anitzeko ekintzen zurrunbilo bertsuan pasatu ditugu azken urteak, eta berak idazteko tarteak ere hartu ditu tentsio bikoitz gaizto horretan –bata, taldearen eta norberaren artekoa; eta bestea, ekintzaren eta hitzaren tartekoa–. Irakurrita edo solasen bidez idazki hauetako ideia batzuk ezagutu ditudan arren, denak batera ikusteak gogoeta batzuk piztu dizkit oldozpen publikoari buruz.

* * *

Oldozpen publikoak badu egitekorik han beheko giza inurritegi hartan. “Intelektual” deitu izan den kategoria estatus bat da ezer baino gehiago, gaur sare mediatikoak ematen duena, bere bazka eta distira-beharrak betetzeko. Baina oldozpen publikoan, mamidunean, txiro xamar gabiltzan susmoa dut.

Belaunaldi progresista dugu oraindik izar. Modernitatearen deskubrimendu berantiarrak bultzaturik jarraidura luzeko erro batzuk mozteko presa izan duen irakasle eta idazle multzoak dauka hitza euskal pulpituan. Modernitatearen zenbait sugar eta sukar –beste leku batzuetan mendeetan asimilatuak– nahiko kolpetik etorri ziren euskal herrietako zoko askotara, eta horrek askori sortutako emozioak erro edo sen gehitxo utzarazi zituen bazterrean. Horren ispilu izan dira azken lau hamarkadetako euskal kulturako izarrak. Hiru gogo-aldarte nahasten dira belaunaldi horretan: haustura-oldarra, exhibizio bulkada eta noraez-desasosegua. Nonahi aurki litezke aro honetako euskal literaturan, pentsamenduan edo sorkuntzan hiru elementuok ardatz. Ikus, adibidez, jarraidura batzuk hausteko bulkada nerabea, aita hiltzeko behar freudiar bat iduri, edo idazleen azken motibazioetan ukitu nartzisista nabarmenagoak, edo beranduxeago gehiago, sakoneko nora ez desberdinen dozenaka aurpegiak. Aurreko belaunaldietako oldozle eta sortzaileekin alderatuta nahiko bestelako jarrera hirukotea da, nahiz eta jarraiduraz azpitik eragiten jarraitzen duten gerra aurreko euskal pizkundeko bulkadek ere: izatearen harrotasunak eta eraikuntza-senak. Guztiarekin ere, gorago aipatutako aldarte hirukoitz horretan, emaitza pobre xamarra eman du belaunaldi progresistaren oldozpenak, eta seguruenik horren ondorio ere bada gure polisaren egoera.

Progrea pobre, modernitateak bere ametsei buruzko zalantza bizi du orain, eta zuloz betea dago ezkerraren eustazpia. Moderniaren hantustea gutxitu egin da, mehetu batzuentzat, birrindu bestetzuentzat. Hantuste gutxitu horren itxura du ezkerrak. Baina hala ere, haren subproduktuek gidatzen dute gaur egun jarrera “korrektoa” iritzi-sortzaileen mezuetan. Hala, progresistak kapitalismoaren arrazoiei men egin izana estaltzen du, eta oraindik zerbaiten alde edo zerbaiten aurka aurrerakoi sentitzeko beharra asetzen du. Ezkerra, progresista sentitzen segitzeko marka bat edo identifikazio kontu bat ere bada, zer estetiko bat. Beharrezko zaizkio progresista prototipo honi telebistak modan jartzen dituen gai ideologikoak, indignazio-modak edo apezpiku zaharkituei oldartzeko keinuak… zerbaitekiko kritiko edo apur bat erradikal sentitzeko koartadak. Beharbada, kritikatzen dituen sektore “atzerakoi” askotan humanizazio ahalegin handiagoa dago, eta edozein kasutan, progresistak estaltzen duena zera da: hipokrisia mailarik sofistikatuena beronek duela.

Estali beharrekoa da, bai, progresista bera dela –bere hitzak erabiltzearren– mundu eutsiezin eta injustu baten onuradun aktiboa. Ideia mailan, bere progresismoa inperioaren sistema linfatikoa (progresismoa da –deserosoa da esatea– inperioaren ideologia preziatuenetakoa, nahiz eta horretan inperioak jolasteko margena daukan). Eta praktika mailan, bere bizitza-estiloa eta kontsumo maila dira inperioaren giltzarri bat. Berak hartzen du hegazkina oporretan, bere diskurtsoaren ikuspuntu eutsigarri eta justiziazko batetik ezingo lukeenean hegazkina sarritan hartu oporretan bidaiatzeko. Asko eskatzea zaio bere analisira errenditzea bere oporrak edo bere kontsumo maila. Alderantziz gertatuko da, bere pribilegio mailari “langile aurrerakoi” autoirudiarekin eusteko egin beharreko doikuntza ideologiko guztiak egingo ditu. Sofistikazioz, poetizazioz edo fribolizazioz, azken buruan, ziurrenik progresista europarra izango da planetako prototiporik hipokritenetakoa.

Bere diskurtso moralistek martxan diraute, hala ere. Aski da gure hedabideetako berriemaile eta iritzigileengana distantzia ironiko apur batekin begiratzea: garai bateko apaizen moralinak sermolariak eta estiloa aldatu ditu, orain beste batzuek esaten dute zer den ona eta zer txarra, kategoria berriekin –generoa, berdintasuna, indarkeria, multikulturalismoa–. Belaunaldi progresistak kristautasunaren muin espirituala moztu du, edo haren enborrik bizigarriena, eta aitzitik, beronen ifrentzu erlijiosoa, moralista, barruan atxiki du, forma eta kontzeptuak apur bat aldatuz. Arazoa da orain zutabegileen eta telebistako aurkezleen moralina gidatzen duten kategoriak, neurri batean, zuloz betetako modernitatearen totemak direla. Ideia bizigarriak beste ertz batzuetatik ari dira sortzen, moztutako erroei lotuta ez gutxitan. Egungo humanizazio-bide koxkorrak, bazterretan ari dira ernetzen, eta gaur eskuinarentzat baino gehiago beren buruak ezkertiartzat dituzten progresista askorentzat izango dira deserosoenak.

Oraindik bada, beharbada, modernitatetik bidea egiteko tarterik, modernitatearen muin sanoenetik, begi bat beronetan eta beste bat urrunago jarrita. Gehienera ere, ezker gutxituari apaltasuna tokatzen zaio. Jarraidura luzeagoko tradizioen argitan egin dezake bere erradiografia. Sormenerako aroa datorke berriro. Oldozpen publikorako ez da derrigor garai txarra.

Beste belaunaldi baten zeregina da agian. Gure herriko saretxo mediatikoak hamarkada hauetan literaturagile sonatuak bihurtu ditu erreferente intelektual, beharbada ez irizpide zuzenegiz –istorioak kontatzea beste funtzio bat baita–, eta gero euskal hedabideen behar iritziemaileak betetzeko ez da tertuliano eta idazlerik falta. Molde bereko “iritzi pertsonal” desberdinen saturazioa, eta oldozpena eskas. Alea bilatu behar, lasto artean.

* * *

Bada, bai, alerik. Hala iruditu zaizkit Josebaren pasarte batzuk ere. Ikuspegi zabal xamarra du berak. Psikologiaren bariazioekin jotzen du doinu soziologikoa. Makroan eta mikroan zooma orain estutuz orain zabalduz, argazkiak oparitzen ditu. Badu zuri-beltzeko argazkirako halako joera bat, teknika bat da hori ere. Baina koloreak sartzeko ahaleginak zipriztintzen ditu fotoak. Ez nuke kolorezkoak direnik esango. Izaten dira ba zuri-beltzezko argazkiak margoz emanak?

Min degio munduak, eta adierazterakoan apur bat jolasteko prest dago. Badu abadinarrak lagunarteko hizketan halako gatz bat, hitz potoloak eta meheak tartekatzeko grazia berezi bat. Ukitu hori hartu du paperak ere une batzuetan. Kolorearen euskarri, testuek duten errigore puntua estimatzen dut (gustatu egiten zaidala “errigore” hitzaren esanahia, eta ez dakidala nola eman ordain egokia…). Ez da zaila –tertuliano eta zutabegileen ametsa– original itxura ematea hitzak konbinatuz. Esaten denaren inplikazioak ezagutzeak, baina, oreka gaiztoan jardutea dakar gehienetan, eta ez dut uste horri itzuri egiten diotenik liburu honetan doazen gogoetek. Behatza zaurian sartu-zalea ere bada Joseba, baina tarte gutxi uzten dio sarkasmoari. Azken hau baita erraza aro honetan. Bera, ordea, horretan lege-zaharreko, nahikunde etiko batean ainguratzen da. Euste horretan datza, niretzako, idazki-bildumak osatzen duen saioaren kemena.

* * *

Ozeanoko lainoen gainetik, beste herrialde bateko bileretatik bueltan, txiki irudikatzen dira euskal herriak, eta tentazioa areagotzen da betikoa egiteko, zer “behar” dugun esateko. Ohituak gaude gure oldozpen publikoari entzuten ez-dakit-zeregiak garela, hau eta hori behar dugula normalak izateko. Tira, oldozpen publikoak gizarteak zer behar duen esan behar badu, pentsa dezagun oldozpen publikoak berak zer behar duen ere.

Uste dut hobe genukeela belaunaldi modernoaren gogo--aldarteak apur bat atzean uzten hasiko balitz gure oldozpen publikoa. Hiruetako bat, exhibizio bulkada, beti hor izango da neurri batean, egia da. Idazleen barruko motorretako bat da agertu-nahia, nabarmendu behar pertsonala, gizakion berezko tolesduretan josita dauden bulkada horietako bat. Ilustre gehienen barruan dago arreta eskatzen duen ume zauritua, batzuen kasuan tolestuago, besteen kasuan patetikoago. Kasuak kasu, ordea, komunitate edo belaunaldi batean, bulkada hori zenbateraino den nagusi eta zenbateraino beste motor batzuek gainditzen duten, beste motor horien indarraren arabera dago. Nitasun koxkorraren agertu-beharra gainditzen duten ortzimugak, begiratuak eta gogo-aldarteak daudenean, goraxeago ibiltzen da oldozpenaren hegaldia –goraxeago bakarrik, beti nahasian–. Ego eta hego gara: erakusteak mugitzen gaitu sarritxotan eta bestetzuetan hegoek haraxeago daramate gure ametsa. Hegoak badirenean, handi nahiz txiki, destilatuagoa izaten da sortzaileen tantakako emaria. Horixe desio nioke gure oldozpenari.

Ez dakit, badira eszeptikoak izateko arrazoiak: euskal mundutxoa koto errazegia da bere agertu-nahi primarioenak bultzatuta datozenentzat, galbahe nasaitxoa gurea. Eta bizi dugun post-aro honek, lehen baino gehiago, nartzisoak abonatzen ditu.

* * *

Josebak urteotan idazki hauek egiteko erabili duen martxa agertzean, tentsio bikoitza aipatu dut goraxeago: taldearen eta norberaren artekoa bata, eta bestea, ekintza-jardunaren eta hitz-jardunaren artekoa. Pentsamendu organikoaren arazoak dira. Arazo horietatik libre dagoen oldozpenak ez nau berotzen, ni behintzat.

Liburuetan irakurritakoaren sintesiak egiten dituzte, azken finean, saiogile gehien-gehienek. Letra artetik sortutako letra gehiegi dabil, nire begietarako. Irakurtzearen aurrean mesfidantza agertu behar ote dut, bada? Bai, une honetan halako zerbait agertu nahi dut. Zera zait ederra: norbere esperientzia koxkorraren oldozpenetik, horretaz irakurri gabe, ikuspegi bat destilatzea. Eta handik urte batzuetara ohartzea munduko beste punta batean beste batek antzeko zerbait esan duela bere esperientziatik, eta ikustea badagoela hor konexio bat. Aitzitik, ateratzen dudan ondorioa gaiaz irakurtzetik atera badut, konexio hori, jakina, gauza bertsuak irakurtzetik dator. Eta hala idazte-irakurtze jarduna, gai gehienetan, halako kiribil endoerreferentziatu bat bihurtzen da. Badakit estu hartuta ez duela gehiegi balio bereizketa honek, irakurtzea ere esperientzia baita, oparoa. Oparotasun horretan datza, baina, tranpatxoa. Gai askotan, irakurpenaren eta bizipenaren arteko desoreka handiegia dela begitantzen zait, eta gure pentsamendu publikoa irakurketatik jasotako ideien pilatzeak puztutako globoz osatua dagoela.

Munduan esaten dena hemen itxura originalarekin esatearekin, ondrak eta famak jasotzen dira gure sistematxo mediatikoan. Hori hala izango da gero ere. Han eta hemen diotenaren sintesigileak beharko dira, baina hori dibulgazioa da gehiago. Oldozleari, oldozle publikoari, ibiltari izatea eskatuko nioke, ekintzaren bidezidor bihurrituetan kilometroak egitea. Oldozlearen oinetakoak eta eskuak inporta zaizkit. Izan ere, gero eta banaezinagoak baitira –beti hala izan den arren– bihotza, burua eta eskuak: sentimena, adimena eta ekimena. Mikro mailako esperientzia eta koherentzia eragileetan jokatzen da, aro modernoan baino gehixeago orain, ideia prekario ororen sinesgarritasuna. Ekinaren bidezidorretik sortua den hitzak balio du ekinaren bidezidorrerako. Idazleen saturazio honetan, paradoxa badirudi ere, idazteko denborarik ez duten pertsonen idazkiak zaizkit interesatzen.

Ideia artikulugarriak versus ideia artikulagarriak. Versus guztiak neurri batean faltsuak dira, eta hau ere bai, baina bada alderik bi adjektibo hauetan. Idazkietan polit, kritiko edo adimentsuak diruditen ideiak behar ditu sistema literario-mediatikoak, eta horrek eskakizun jakin batzuk ditu. Beste eskakizun batzuk dituzte bidezidorrek: artikulatzeko moduko pentsamendua, beren artean eta ekintzen zurrunbilo txikietan txirikordatzeko ideiak. Zurrunbiloetan dabilenak, idazterakoan beste arazo gehigarri batzuk izaten ditu: eskuak bete zeregin eta letratarako denbora mugatua, taldetasunaren eta norberaren arteko tentsioak… izaera organikoaren kontu lurtarrak. Kontu lurtar hauetatik aparte xamar dabil organo eragileak elikatzea baino goragoko geruzetan dabilen kasta zerutiar bat edo beste.

Ekinari tarteak harrapatuta idatziak direla jakinik irakurri ditut Azkarragaren idazkiak. Bertako pasarteak egilearen esperientziekin lotzen ditudan neurrian esanguratsu zaizkit. Badakit gai batzuetan berak oinetakoak apur bat urratuak dituela, eta eskuak zikinduak ere bai arloren bat edo bestetan. Egilearekin kezka eta amets lauso batzuk konpartitzen ditut, eta horretan eragile zaizkit bere burutapenak. Halakoentzat idatziak direla esango nuke, kezka eta amets lauso batzuk ukitzen gaituztenontzat.

* * *

Aspaldi hartu zuen aireportua hegazkinak. Orain, euskararen lurrean egunak emanda, sustraituago sortzen da gogoeta.

Euskararen giza geografia hau dute, besteak beste, liburuko orriok amets. Bada, bai, komunitate koxkor honetan, ortzimugei begiratzeko beharrik. Eta badugu erro bizirik gure zoruaren pean, lur honetan behera (gure jarraiduraren enigmara), ekialde erdira (basamortuetatik geuretu zaigun tradizio izpiritualera) eta iparraldera (mendebalde europarraren ibilbide lodira) urrun zabalduak. Erroak temati izaten dira batzuetan. Autoirudiarekin izan ditugun arazo nerabeak gainditzea lortzen bada –apologia eta antiapologiaren penduluan dabil oraindik ere gure oldozpena–, orekatuxeago ager liteke denborarekin euskal herrien irudia gure buruetan. Eta irudi horretan, beharbada argixeago ikus dezakegu gure komunitateak dituen mugak eta dituen potentzialak mende berriko humanizazio-bideetan. Gizarte-energia badarie, batez beste, euskal herriei. Eta hor bada gako bat, begiratu globaletik beharbada etorkizuneko bidezidorren gako nagusietakoa.

Bada alorra, goldatu nahi duenarentzat. Lurreratu aurretik txiki ikusten zen Kantauri-txokoa, baina hemen behean katiuskak jantzita zotalak ere kozkorrak dira, eta edozein erreten beharleku. Nekazaritza horretan oldozpenari ere funtziotxo bat badagokio. Egia esan, beharbada oldozpen publikoari gauza gehitxo eskatu diot goiko paragrafoetan. Hegazkineko altueraren eragina, nonbait. Denak betetzen hastea baino hobe izango da, seguru asko, saiatzea lurraren altueran daukagunarekin txukun xamar oldozten, bai isilean eta bai publikoan. Liburu honetako testuok, beren erara, horretan saiatzen direla iruditu zait. Pentsatzen segitzeko gonbidapena dakarte.

BERANDU BAINO LEHEN

Erretratuak XXI. mendeari

Atxaga eta Boff, bi adierazpen

Zera zioen Atxagak, Berrian aspaldi samar agerturiko elkarriz-ketan: “Ez daukat zalantzarik, Euskal Herri osoa hiritartzea nahi nuke, hori gertatu ezean ez delako leku interesgarririk izango. Eta horrek egiten nau, beharbada, desarrollista… Horrek kostu bat izango duela? Dudarik ez. Baina ni beti izan naiz autobien aldekoa, Y grekoaren aldekoa, eta oso garrantzi handikoa iruditu zait Baionatik Bilbora ordubetean joatea… Norbaitek esango balit urtxintxa mota bat galduko dela ez dakit zer muinoren gailurrean, esango nuke, ‘barkatu, baina urtxintxa joan dadila beste baso batera’”.

Ez dut Atxaga hizpide hartu gura, elkarrizketa batean emandako hitz solte batzuek ezin dutelako inoren pentsabidea ganoraz bildu. Berba horien hondoko pentsamoldeak eragin didanari heldu gura nioke, euskal populuaren beharbada gehiengoak bere egiten duen horri. Eta, hasteko, barruak diost ederra dela denboraren lagun izatea, norbere garaia aldeko sentitzea, eta sasoian sasoiko proiektu erraldoiak mehatxu gisa ez ikustea. Ederra da historiak dakarren olatuan gustura surfeatzea. Ederra, denboraren joana eta honek dakartzan aldaketak erremin eta beldur barik bizitzea; haserrea, nostalgia, malenkonia edo ondoeza bizileku egonkor bihurtu gabe.

Eta barruak diost garapenak asko eman digula, guk modernook naturari sekretu asko atera dizkiogula Ilustrazioaren espiritu tekniko-zientifikoa lagun. Beldurraren kontrako borroka izan dela hori, naturaren mende egoteari uzteko askapen aldarria. Baina, hasieran askatzailea izan zena suntsitzaile bilakatu zela gero, eta harrotasuna harrokeria. Larruzko aulkian eserita dagoen jauntxo modernoak, hankak mahai gainera luzatu eta habanoari tira eginez harrokeriaz dio: “Gu gara unibertsoaren zentroa, munduaren zilborra. Guri zerbitzatzeko daude natura eta gainerako bizidunak”.

Modernitatearen subjektu harroak matraileko latzak nozitu ditu. Kopernikok esan zion ez dela unibertsoaren zentroa. Darwinek “tximinoen ondorengo genetiko” kalifikazioaz umiliatu zuen. Freudek izaki kontziente-autonomo gisa destronatu zuen, inkontzientearen putzu beltza erakutsi zion.

Koperniko, Darwin eta Freud: gure txikitasuna gordin seinalatzen duten lezioak; umiltasuna eskatzen duten jakinbideak. Hortik ikusita, urtxintxei beste norabait joan daitezela agintzeari badario antigoalekoa den zerbait. Pentsamendu paradigma harro hori XIX. mendetik gertuago ote dagoen XXI.etik baino; edo XXI. mendeak behar lukeenetik baino. Barruak diost jarrera antropozentriko horri badariola gizaki mendebaldarrak oraindik bere-berea duen umiltasun falta.

Eduardo Galeanok zioen Jainkoari hamaikagarren agindua ahaztu zitzaiola: naturari zor zaion errespetua. Leonardo Boff, Askapenaren Teologiako brasildar bizar-zuria, lotsa barik mintzo da duela bostehun urte ezarri eta munduaren luze-zabalean hedatzen ari den zibilizazio-patroiaren joera suntsitzaileaz. Homizida eta etnozida izan ostean, gizakia ekozida eta biozida ager daitekeela dio. Eta suizida, gaineratuko nioke diagnostikoaren latzari: inteligentzia modernoa, biziraupenaren aldeko mekanismo ebolutiboa ote?

Bai, apokaliptiko samarra diagnostikoa. Baten batek topatuko dio, beharbada, aro guztiek izan ohi duten profetismo lakrimogenoaren ukitua. Kosta egiten zaigu ikustea ez dugula ohiko aro historikoa bizi; gizakiok geure eskuetan metaturiko botereak ez duela parekorik historian; existentziaren baldintzak aldatzeko ahalmen behin betikoa dugula gaur. XX. mendearen bigarren erdialdean autosuntsipenaren printzipioa ezarri eta gizadiarentzat aro berria hasi dela. Gaur globala dela mehatxua eta, norabide honetan tematuz gero, mehatxu horren adinako ardura kolektiboa garatu ezik, terminala ere izan daitekeela.

Boff Euskal Herrian izan genuen duela urte batzuk, 2005eko azaro aldera. Euskal mendietatik eginiko txango batean, ondoan zeukan euskaldunari laburbildu zion bere ikuspegia: “Inurrien, txitxarren eta txorien izenean, Euskal Herriaren independentzia deklaratzen dut!”. Hunkituta omen zegoen naturaren ederrarekin, eta bizidun guztiak bihurtu zituen erabaki subjektu, baita urtxintxak ere.

Atxaga eta Boff, bi adierazpen. Hondoan, bi paradigma, etorkizunerako bi ipar, bi praxi-ildo. Antropozentrismoa (gu, nagusi bakarrak) edo ekozentrismoa (gizadia, naturaren destinoarekin bat). Bien artean bada alderik. Etorkizun itxaropentsua izan ala ez, aldea hori ote den.

Espainian eroso (edo Zapaburuaren Filosofia)

Aspaldiko testu bat berriro irakurtzen nabilela, R.H. Tawney-ren ekarpen zoragarriarekin egin dut topo: Zapaburuaren Filosofia. Tawney-k diosku kapitalismoak beti erabili izan duela estrategia jakin bat altxamendu kolektiboak saihesteko: zenbait norbanakori salbamen indibiduala eskaini. Bide horretatik gainerakoei demostratzen zaie gaitasun indibidualak direla –eta ez injustizia estrukturalak– gizarteko solairu batean ala bestean kokatzen gaituztenak. Ondoko diskurtsoa barneratu dugu ondorioz: kaltetutako pertsonak, nahi izanez gero, atera daitezke sistema sozio-ekonomiko honek sortzen dakien infernutik. Norbanakoak irten daitezke egoera sozial kaxkarretik euren esfortzu eta inteligentziarekin, bereziki norbanakorik gaituenak.

Irtenbide indibiduala eskainiko zaie kolektibo marjinatuetako kide kapazenei, eta horrek, bistakoa da, estrategia kolektiboak suntsitzen ditu. Ordena soziala aldatzea helburu duten estrategia eraldatzaileak desaktibatzea, horixe bilatuko da. Tawney-ren iritzian, kapitalismoak ondokoaz konbentzitu gura izan gaitu: zapaburu inteligente eta kapazenek halako batean lortuko dute igel bihurtzea, jausiko zaie buztana eta gorputza sendotuko, miseriaren ur putzuetatik irtengo dira eta lurra konkistatzen ikasiko. Amen.

Bistakoa da tranpa. Izan ere, gehiengoa zapaburu gisa bizi eta hilko da, hori da gaurko kapitalismo globalizatu eta ultra liberalaren lezio errealista. Baina, metamorfosiaren burura iristen diren zapaburu apurrek hitzetik hortzera erabiliko dute ebanjelio berria: gaitasun pertsonalak markatzen du diferentzia, eurak lortu dute igel kategoria, meritu propioz lortu ere. Hortik aurrera, alferrik izango da demostratzea gehiengoaren patua horren baitan ez dagoela. Gutxi dira igel bihurtu direnak, baina handiegia da metamorfosiaren ebidentzia ukigarria (eta “kroak” bakoitzari ematen zaion dezibelio kopurua).

Meritokraziaren igel kantu horiek eraginkorrak izan dira kapitalismo modernoaren historian zehar. Hainbat hasiko baitira, baita posizio txarrenetan dauden gizabanakoak ere, indarrean dagoen gizarte-ordenan inbertitzen: lan ona lortzeko formazio egokia, posizio indibidualak indartzeko estrategiak, goikoen konfiantza eskuratzeko ekimenak, eta, gehienetan, gehiegi ez konprometitzeko saiakerak.

Eguneroko bizitza, ordena sozialarekin lotuko gaituzten ekintza txiki kontaezinez josiko da horrela. Inori ez zaio gustatzen egindako inbertsioak galtzea eta, ondorioz, guztiek nahiko dute gizarte-ordenari eutsi. Horrek azaltzen du, hein batean, ikuskera eta praxi iraultzaileen porrot historikoa. Horrek azaltzen du gizarte-ordena errotik aldatzeko edozein proiektuk duen zailtasuna, indarrean dagoena iraultzeak norbanakoari zalantzan jarriko baitio bertan eginiko inbertsioa. Horren aurrean, behartsuenek ere segituan deskubritzen dute “gure ordena”, eta berau defenditzen.

Primo Levi-k gordinago aztertu zuen gizakiok dugun aparteko gaitasun hori, objektiboki kaltegarria zaigun ordenarekin kolaboratzeko gaitasuna, alegia. Bere larruan nozitu zuen Auschwitz-ek eragin ohi zuen dardara hautsia, eta hortik atera zuen konklusio interesgarririk: emaiezu posizio pribilegiatua esklabotza egoeran dauden zenbaitzuei, ziurtatu iezaiezu zenbait erraztasun eta bizirauteko probabilitatea, eta trukean lagunei traizionatzea lortuko duzu. Hots, kaltetuen arteko elkartasuna txikitzea erdietsiko duzu.

Aldeak alde, zilegi bekit konparazioa: kapitalismoak erabili ohi duen estrategia, nazionalismo espainiarrak mendebaldeko euskaldunokin erabilitakoarekin aldera daiteke, aldeak alde eta ñabardurak ñabardura. EAE-ko Gernikako Estatutua izan da XX. mende amaieran Zapaburuaren Filosofiaren ardatz nagusia. Tresna horren bidez, euskaldun zapaburuak igel bihur daitezkeela sinetsi du nazionalismo instituzionalak: hortxe gauza zitekeen euskal nortasuna, hortxe botere gune propioak garatzeko aukera, hortxe herri gisa bizirauteko arnasa. Estatutua ez da soilik engainua izan, sinpleegia da hori esatea, baina sirena kantutik asko duela ikusi da denborarekin, eta hortxe estrategia baten agortzea. Euskaltasunari oxigenoa falta zaio espainiarren ur putzuan. Ez bakarrik euskaltasunari, demokrazia formala bera ari da arnasestuka (azken urteotako legez kanporatzeekin eta azken hamarkadatako torturekin, esaterako); ez gara minimoetara inondik inora heltzen.

Ezker abertzalearen kultura politikoan ilusio optikotzat hartu izan da beti filosofia hori, positibotik izan duena goitik behera ukatzeraino. Igelarena sinetsita, nazionalismo instituzionala espainiarren gaurko gizarte-ordenan sendo inbertitu duen zapaburua izan da. Ez hori bakarrik: ordenaren kontrakoekin “zapal-buru” jokatu behar izan du sarri, hots, Autonomien Espainia iraultzearen aldeko sektoreak zapaltzen buru. Igel bihurtu nahi duen zapaburuaren gidoiak halaxe eskatu ohi du. Gizarte-ordenarekin eginiko kolaborazio kontratuaren zati da espeziekideekiko elkartasunak haustea.

Euskaldunok gaurko Espainia autonomikoan eroso bizi gaitezkeelako teoria (Arriagako espiritua) izan da filosofiaren muturreko adierazpena: euskaltasuna bertan gara daiteke esfortzuz eta inteligentziaz jokatuz gero, hortxe euskal herritar guztiontzat tokia, hortxe gizarte plural baten oreka puntua, hortxe elkarbizitzaren misterioa. Eta hortxe nazionalismo instituzionalaren imaginarioan funtsezkoak diren lorpenak: Ertzaintza, EITB, Osakidetza… Konplexua da lorpen horien nolakotasunari eta tamainari buruzko eztabaida: ez da egia Gernikako autonomismoak ezertarako balio izan ez duenik, eta egia da denborarekin hilotz bihurtu dela.

Batzuek Autonomien Espainian inbertitu dute, eta besteek ordena hori errotik iraultzeko konbikzioan ardaztu dute euren nortasun politikoa. Bi estrategia abertzale handien balantzeak urrun eroango gintuzke, ez da hori lerro hauen helburua. Ordua dugu dialektika horretatik irten eta gauzak beste era batera planteatzeko. Batek zioen ama-Estatutua eta aita-ETA hil behar ditugula, eta hortik sortu aurrerantzean dinamika produktiboak. Hein batean, badirudi euskal gizarteak biak akabatu dituela, baina ezinean gabiltza. Aljerrera bidaiatu genuen lehenbizi, Lizarratik pasatu ginen gero (gutxiago Garazitik), eta ondoren etorriko ziren beste saiakera batzuk, Loiolakoa nagusiki. Den-denak amets izoztuak.

Halere, badago espainiar nazionalismoari gogotik eskertu beharreko zerbait: zentralizaziorako joera harroek –batez ere Aznar garaikoek, baina baita gerokoek ere– eta atzerakada demokratikoak garbi erakutsi dute metamorfosi baten gezurra eta txapel juridiko-politikoaren kaxkarra. Nazionalismo instituzionalaren atal garrantzitsua igel bihurtzearen ezintasunaz jabetu da. Metamorfosi zaila zeukan izakiari hankak eta buztana moztu dizkiote, atzerakada neo-frankista eta zentralista medio. Gernika-zapaburuak “engendro” genetikoaren itxura hartu du, hibrido hilaren traza kafkiarra. Izan ere, inteligentziaz eta esfortzuz jokatuta ere, badaude muga estrukturalak.

Dena den, aitor dezagun albait arinen: euskaldunon etorkizuna ez da bakarrik egikaritze juridiko-politikoan jokatzen. Seguruenera ez da nagusiki hor jokatzen, euskaldunok modu obsesiboan horrantz begiratzen badugu ere. Baina, tresna horiek ere garrantzitsuak dira, eta gaur gaurkoz mugak nabarmenegiak.

Ibarretxe Plana, herri kontsulta eta gisakoak agenda politikoan, azken urteotan nazionalismo instituzionala prest azaldu zaigu ordena espainiarrean egindako inbertsioak leuntzeko (Arriagako espirituari aske utzi eta joan dadila esanez). Eskertzekoa. Halere, ezagunak dira atzera egin eta Zapaburuaren Filosofiara bueltatzeko bertako sektore batzuen gogo eta ekimena, berriro ere igel bihurtu guran oxigeno nahikorik ez duen ur putzuren batean. Eta ezagunak dira, baita ere, borroka armatuak igel bihurtuko gaituelako sinesmenaren inertzia eta egoskorkeria.

Ez dira garbi ageri, ordea, bestelako alternatiba eta estrategiak, bataren (autonomismo ez soberanistaren) eta bestearen (borroka armatuaren) ibilbideak agorturik daudela barneratzetik sortu beharko liratekeenak. Eta adi honi: bitartean, erlojuaren tiki-taka entzuten da, eta Estatua Euskal Herrian gero eta erosoago, gero eta presenteago, gero eta gusturago. Zapaburu izateari utzi eta igel izateko bidean.

Lesbianek Winston erretzen dute

Badira urte batzuk gertatu zela. Sagardotegian ginen laguna eta biok, trikitilari lanetara bertaratuak. Dozenaka lagun mahai inguruan. Heldu ziren sabelean lekua bilatu ezinik ibili ohi direnak: gazta, menbriloa eta intxaurrak. Handik gutxira, hasi nintzaion erreparatzen tarteka zetorren kolpe hots siku bati. Mahaiari indartsu emandako danbatekoak ziren.

Jakin-minak bultzatuta, ingurunea hobeto aztertzeari ekin nion. Geure mahai berean zegoen erantzuna, jesarleku batzuk ezkerrerago: intxaurrak esku kolpe bakarraz apurtzen zituen emakume sendo eta indartsua. Intxaur bat bestearen atzetik, dinbi-danba, inongo erruki barik.

Mahaiko gehienak jabetu ziren danbatekoez. “Sartu hadi horrekin!” eta antzeko beste batzuk entzun ziren gizonezkoen ahotan. Emakumea ez zen, ez, emetasunaren gailurra; emetasunaren adiera eta ulerkera patriarkal horren gailurra, uler bedi. Bitartean, kolpe bakoitzarekin iruditu zitzaidan neure ondoko gizonezkoak, instintiboki, esku biak hankartera biltzeko keinua egiten zuela, esentziak babestu guran balebil bezala, intxaurrekin elkartasun intimoan.

Emakumearen trebezia eta indarra handiak ziren, eta laster ekin zion besteen intxaurrak txikitzeari, ingurukoek hala eskatuta. Dinbi-danba, temati, batere gupida barik. Ondoren datorrena gaitza da sinesten, aitortzen dut, baina halaxe gertatu zen: une batez intxaurrak exekutatzeari utzi, irrati-kaskoak jarri, eta futbol partida entzuten hasi zen emakumea. Ez zen bakarra izan, gizonezko asko ere aztoraturik zebilen futbolarekin. Hil edo biziko partida antza, derrigor entzun beharreko horietakoa: euskal talderen bat ez dakit noren kontra, duintasun nazionala jokoan, eta herri baten autoestimu kolektiboa baloi baten destinoaren mende. Zabaldu zen esplikazioa, mahaiko lau izkinatako batetik:

–Emakume itzela dok, astakiloa eta marimatxo samarra… Lesbiana dok.

Berba magikoak esanda zeuden. Mundua borobila dela frogatzen duen azalpena jasota. Bakarren baten hankartea oraindik minbera, esango nuke. Elkarrizketak aurrera egin zuen barretxoen artean:

–Orain “ulertzen” juat. Ikusiko dok: emaiok denbora apur bat eta, zigarroa barik, arto bizarra eroango jok ezpainetara!

Benetako ikuskizuna emakume intxaur-birrintzailearen ondoan zegoen, ordea: aparteko neska gaztea, liraina, arnasa masiboki mozten duen horietakoa. Emetasun horren gailurra. Intxaurren ikuskizuna aitzakia zen, besterik ez, mutilen hormona gosetiek beste honengan aurkitu gura zuten esperantza aztarnaren bat, begirada samurren bat, lizunkeria hondarren bat. Honi eskainitakoak ziren gizonezkoek halakoetan egin ohi dituzten antzezpen xelebreak, papar ateraldiak barne. Ez zen, baina, esperantza aztarnarik edo begirada samurrik bueltan etorri; are gutxiago lizunkeria hondarrik.

Nago inor gutxi konturatu zela maitasunaren eta desiraren bestelako norabideaz, aukera aspaldi baitzeukan eginda neska ezin ederragoaren bihotzak: samurtasun goxoz eta maitale liluratuaren begiekin jarraitzen zuen intxaur kolpe bakoitza. Zelan imajinatu, baina, halakorik. Gehienen eskemetan ez zegoen ekuazio horretarako lekurik. Har-hormona haien dantza antzuaren zurrunbiloan ez zegoen horretarako gerri kulturalik. Ederregia zen. Fina, lerdena. Winston zigarroak elegantziaz ahoratzen zituen.

* * *

Urte mordoxka pasatu da ordutik, eta estereotipo sinpleak desagertu direla pentsatu nahi nuke, jendarte gehienean, behinik behin. Aldaketa historiko garrantzitsuak bizi ditugu, sasoi historiko mugitua, eta orientazio sexualari loturiko aldaketak ez dira txikienak. Duela ez asko, euskal identitate kolektiboaren dekalogoan ez zen “maritxua” izatearen aukera kontenplatzen. Ezkerreko iraultzailearen dekalogoan ere, nekez. Trantsizio garaiko euskaldunon espazio sozial eta sinbolikoa gizon maskulino bizartsuz zegoen osatua, koadrodun alkandorez zizelkaturiko harrez. Duela ez horrenbeste, hedabideen erreinuan apenas zegoen bere homosexualtasuna publikoki aitortzen zuen show (wo)manik. Egin kontu Espainian Alderdi Komunista legalizatu ostean ere, zenbait homosexual oraindik kartzelan zirela homosexual jarduteagatik.

Gerora, harri bat jaso eta homosexual bat ateratzen zela ematen zuen. Gaur gutxiagok eskatzen dute Vatikanoko leihatilan inskripzio orririk. Hein handi batean libratu gara desira homosexualaren kontrako zenbait presio kultural jasangaitzez. Rouco, Ratzinger eta euren akolitoek temati segitzen dute, baina, gutako askori irribarre keinu bat ageri zaigu ezpainetan euren aiene desesperatuak entzun orduko. Modaz haratago, gaurkoa gay power sasoia omen. Opus Gay. Eta telebista kate bakoitzak aspaldi fitxatu z(it)uen bere homosexual partikularra(k). Erregearen bufoiaren gidoia antzezteko sarri askotan, estridentziaren eta istrionismoaren luma-lasterketan nork meritu gehiago erakutsiko, azkazala apurtu zaion erreginaren orroen kontrakultura egitasmo hartuta.

XXI. mende hasieran, muga historikoak hautsi dira zenbait eskubide zibilen inguruan. Espainiar Estatuko lurraldean, Hego Euskal Herrian beraz, gay eta lesbianek dagoeneko ez dute ezkontzeko eta adoptatzeko oztopo legalik. Iraultza ukitua duen zerbait bezala uler daiteke, urte gutxiren buruan pasatu baikara harreman homosexualen pertsekuzio penaletik estigma sozialera, eta estigmatik, berau atzean utzi barik betiere, normalizazio juridiko-normatibora.

Hala ere, ez dezagun kanpaia errazegi jo; gay askapena iragartzen duen kanpaia esan gura dut. Izan ere, Priscila, Desertuko Erregina, errebeldiaren eta kontrakulturaren gailurra izan daiteke (izan zen) pantailan; ostera, poteoan gabiltzala deserosoak zaizkigu sexu berekoen arteko laztan esplizituak. Eta euskal herri txikiagoetan desio homosexualari bide gehiegirik ez erakustea hobe. Oraindik nerabeek tormentu latza bizi dute euren libidoa aldrebes dabilela deskubritzen dutenean. Eta gurasoek –gaurko guraso gazte eta moderno asko barne– nahiago dute seme edo alaba “normala”, lehen mailakoa alegia, onespenak onespen hautu heterosexualaren lurraldea baita hobetsia; seme edo alabaren bat armairutik ateratzen denean, gurasoak dira –moderno asko barne– armairu barruan sartzen direnak, jendea enteratuko ote den beldurrez (esperientziak erakutsi dit guraso baserritar ez hain gazte batzuk, kaletar gazte asko baino gerri kultural oparoagoa erakusten ari direla geure Euskal Herrian). Lanean, homosexualen %10a bakarrik ausartzen ei da bere orientazio sexuala zein den konplexu barik esatera.

Berriki, inkesta batek aztoratuta utzi ninduen: gaztetxoen artean ehuneko luze batek homosexualitatea gaixotasun gisa ikusten duela erakutsi zuen. Gaur lesbianek segitzen dute ikusezin izaten, beharbada falokraziak segitzen duelako ukiezin izaten. Eta espainiar nazional-katolizismoaren oinordekoak zain daude, botereari noiz helduko eta erreforma legalak (ezkontza eta adopzioa) noiz lurperatuko/ mugatuko/ epelduko; behin finkaturik, hain erraza ez bada ere eskubideak lurperatzea.

Onespenak onespen, milaka urteko errepresioari ez zaio goizetik gauera buelta emango, zalantzarik ez horretan. Eta gaur, oraindik badago homosexual ororen barruan nolabaiteko tentsio bat, agerbide homosexualak automatikoki inhibitzeko aginduaren forma ere har dezake, askotan inkontzientea, gehienetan kontzientea. Agian gauzak erosoagoak egitearren, norberari eta besteei. Eguneroko bizitza bataila gisa planteatuko bailitzateke bestela, ibilitako milimetro bakoitza “irabazi” beharrekoa, euskaldunok geure hizkuntzaren aldeko hautu militantea egitean askotan sentitu izan garen bezalatsu sentituz, beti gerran, eta hortzak erakusteko beti prest; homofobiak polisean dituen kale kantoiak ugariak izaki, erantzun zakarrak ez baitira gutxi.

Eta homosexualaren inhibizio txiki bakoitzaren atzean autoirudi zauritu baten lorratza ikus daiteke, lotsaren silueta suma daiteke, zapaltze historiko luzearen ale tristea. Kanpoko onespen legal-formala, gizartearen arkitektura kulturala eta barruko autoonespena, hirurak lotuta egonik ere, gauza diferenteak baitira. Barruari, aliatuaren ahotsa barik, sarri etsaiaren mintzaira dario. Gizakia definitzeko modu bat ere aurki daiteke hor: bere buruaren kontra maisuki egin dezakeen animalia. Luzaroan estigmatizatua izan den edozein giza talderi gertatzen zaio hori, etsaia barruan instalatzen zaiola, autogaitzespenaren ahotsa barruan daroala. Eta homofobia barneratua ez da lege kolpe batez likidatzen.

* * *

Beraz, ote da homosexualitatearen onespena eta autoonespena hainbesterainokoa? Egia da homosexualitatea gizarteko sektore askotan izan dela onetsia, hegemonia kultural-sinbolikoa duten sektoreetan gainera. Eta sektore horiek hegemonia hori baliatu dute euren kode sinboliko-kulturala gero eta anitzagoa den jendarteari ezartzeko, adopzioa bezalako kontu sentsiblea barne. Galdetzen diot neure buruari ez ote den arinegi gertatu, nahiz urte luzeetan ibilitako militante adoretsuei “arinegi” hori memelokeria irudituko zaien, izan ere, lan ausart, isil eta luzea egin behar izan dute, gay izatea sinpatikoa ez zen sasoian; horiei bizia joan zaie errepresioaren tutu estutik; hogei urte madarikatu tarteko, beldur askoz handiagoarekin bizi behar izan dute.

Arinegi gertatu ote den, halere. Beharbada mesfidatiegia naiz, ospatu behar genuke eta kito. Susmoa pizten zait ordea, zergatik gertatu ote den, osoa ez bada ere, arin samarra izan den onespena. Ez baitut mirarietan sinesten, ezta ordainik gabeko aldaketa sakonetan ere.

Gaurko gizarteak konplexutasun gradu altuagoa du, polizentrikoagoa da, eta halako testuinguruak erlatibismo moraleko testuinguruak ere badira: inork ez dizu esango “neuk daukat egia osoa”, edo “neure mundu-ikuskera da denetan egiazkoena”, guztiok baitaukagu konplexutasunaren kontzientzia eta bizitza nahierara antola daitekeelako ustea. “Bakoitzak ikusiko du” da gaurko aldarri post-tradizionala, tolerantzia deitzen diote batzuek.

Testuinguru makro-kultural horrek lagundu dio joera homosexualari, norberaren kontua baita hankartea zein tximeletak haizatzen dion. Gehiago ote dagoen, ordea. Aurreratuko dut: sentipena dut onespenok etorri direla, batetik, sexu askatasunaren benetako mezu eraldatzailea beherapenetan jarri ondoren, eta, bestetik, gay kultura hegemonikoa merkatu ekonomiarekiko erabat funtzional bihurtu ostean. Onespenok etorri dira, finean, gay mugimendua otzandu ostean; bere proposamena onargarri bihurtu eta gero; azkazala apurtu zaion erreginaren orroa bihurtu ondoren egitasmoaren oinarri.

Unibertsitateko Antropologia irakasle batek duela urte mordoa ikasleoi kontatu ziguna sarri datorkit gogora, ate joka, entzundakoak lezio garrantzitsua gordeko balu bezala. Zein lurraldetakoa den gogoratzen ez dudan tribu indigena bati buruz hitz egin zigun. Kontatu zigun tribu hartan estigmatizatuak zirela “gizon desbideratuak”; hots, gizonezkoen ohiko rolak bete ordez, emakumezkoen zereginak betetzen zituztenak. Toleratuak ziren, baina estigmaren zigorra aplikatzen zitzaien: burla eta bigarren mailako kontsiderazioa. Gure gizarteko homosexual estigmatizatuaren kasu antzekoa. Suertatu zen, ordea, lotsabako berezi bat. Tribuko kide batek biak egiten zituen: lantzean behin emakumeen rolak egiten zituen, emeen zereginak egitea hautatzen zuen; bestetzuetan, hankarteko zintzilikarioaz espero zena egin ohi zuen. Hura beste kontu bat zen, ez zegoen erraz klasifikatzerik eta, besterik gabe, erraz estigmatizatzerik. Gogaikarri hark erakusten zuen bete daitekeela emakume rola gizontasunari eutsiz aldi berean. Ez zen barne-desertorearen (arau urratzailearen) kasu tipikoa: aldez aurretik onetsitako identitate-molde bati atxiki beharrean (emakume identitateari atxikitako “gizon emea”), estigmari bidea erraz egiten utzi beharrean, identitate berria proposatu zuen. Norbanako burujabe gisa, atxikimendu librea proposatu zuen: bizitza orientatzea, norberak egindako rol- eta balore-kokteletik edanez. Sakoneko definizioak eurak jarri zituen hankaz gora, gizarte-antolamenduaren funtsa eztandarazi zuen. Eta taldetasun itogarriaren zirrikituetatik autonomia indibiduala isur daitekeela erakutsi zuen. Anbiguotasun hark harridura, haserrea eta beldur handia sortu ei zuen. Hainbesterainoko, ezen giza taldeak akabatu egin baitzuen; fisikoki akabatu behar izan zuen gogaikarri maitagarri hura. Zergatik?, galdetzen nion neure buruari, pasarteak lezio garrantzitsua gordetzen zuela sumatuz.

Tolera daiteke araudia urratzea, jokaera urratzailea aukera ezin hobea denean araudia puntalatzeko, gizarte-ordena sendotzeko. “Denon” arauak estigmaren bidez eraikiak izan dira beti. Nagusiak esklaboa behar duen antzera, gizarte-ordena orok behar du urratzaile funtzionala, estigmatizatuaren lekuan jarriko dena: paradoxa badirudi ere, aldi berean ordenaren urratzaile eta zilegiztatzaile den figura funtzionala. Tolera daiteke araudia urratzea, betiere jokabide urratzailearekin (gizon emearekin) araudi orokorra baieztaturik geratzen bada (bada gizon-eremu bat eta bada emakume-eremu bat). Zailagoa da toleratzen araudiaren oinarria hankaz gora jartzen duen identitate ez aurreikusgarria, ezagunak diren parametroen arabera klasifikatzen zaila den jokamoldea. Hauek gizon-emakume guztiengan interpelazio sakonagoa probokatzeko potentziala dute. Kasu horretan arau urratzea disfuntzional bihurtu zaio gizarte ordenari, erresistentziatik harago alternatiba oso bat eskaintzen baitu. Erresistentzia-identitatetik (ordena urratu, berau gainditzeko indarrik gabe) proiektu-identitatera (ordena urratu, beroni alternatiba bat kontrajarriz) dagoen jauzia da.

Urte gutxiago dela, psikoanalista batek esan zidan seko harrituta geratuko nintzatekeela jakingo banu dibanean etzanda jartzen direnetatik zenbat heterosexualek dituzten fantasia homosexualak, gehienetan norbere buruari ez aitortuak (eta zenbat homosexualek fantasia heteroak, gehiagotan aitortuak). Aitortuta ere, fantasiok erratzarekin batu eta alfonbra azpira bidaliak dira, lotsak eta beldurrak pilatzen diren lekura, bizi gabeko esperientzien hilerrira.

Mugimendu homosexualaren mezuak interpelazio sakona zekarren hastapenetan: askatasun sexuala bere handitasunean; gizarteko araudi sexuala iraultzearen aldeko mezua, bide batez gizartea bera irauliz; gu guztion barruan borbor dagoen sexualitate polimorfoa naturaltasunez onartzeko gonbita, norberak bere koktel propiotik edanez. Mezuari kendu zaio iraultzailetik zuena, kendu zaio gizarteko kide oro interpelatzeko zuen asmoa, gizartea bera hankaz gora jartzeko gonbita, eta beharbada horrek egin du onargarri. Gizarteak errazago onartzen baitu norbanako oro interpelatzen ez duen gutxiengoaren eskubide multzoa; inoren bizipenak diren horiek, alegia: “Eskubideok har ditzatela, gurekin ez baitoa kontua”. Jendarteak kanpoan kokatu du homosexualitatea, norbere esperientzia potentzialen mugetatik harago, eta orduan, norbere mundutik egotzi ostean, aitortu dio zilegitasuna.

Zer dira espetxeak? Espetxeak ez dira arau urratzaileen askatasuna ezabatzea helburu duten espazioak (ez hori bakarrik, behinik behin); espetxetik haragoko espazioa askatasunarena dela sinestarazteko tresnak dira. Parke naturalak ez dira natura babesteko saiakerak; parke naturaletik kanpokoa nahierara txikitu daitekeela finkatzeko egitasmoak dira. Homosexualitatea populazioaren gutxiengo bati onetsi izana ez da sexualitate librearen aldeko hautua; homosexual gisa definituriko espaziotik haratagokoa, erreinu heterosexual gisa blindatzeko saiakera da (barruko mehatxuak eta interpelazio sakonagoak kanpora jaurtitzeko saiakera).